Pasa den asteburuan ehundik gora lagun elkartu gara Iruñean Herrietatik Europa Berria eraikitzen jardunaldietan. Eztabaida mamitsu eta gonbidatu ederrak izan ditugu bi egun hauetan; hainbat txokotatik etorritako lagunek beraien iritzi, esperientzia eta galderak gurekin konpartitu dituzte. Bihotzez eskerrak eman nahi dizkiegu guztiei.
Orain 2 urte ospatu genuen Askapenaren 30. urteurrenean, etapa berri bati ekingo geniola azaldu genuen. Historikoki, Askapenak, asko begiratu izan du itsasoz bestaldera. Baina badira urte batzuk kontinente honetara begiratzen jarriak garela, gure herri txiki hau kokatzen den Europara. Eta Berriozarren, militante belaunaldi ezberdin eta bidelagun ugariz inguratuta, Askapenak Europako gaiari lehentasunez heltzea erabaki genuela azaldu genuen.
Jakin bagenekien erronka mardula genuela aurrean. Izan ere, Europar Batasuna ente urrun eta abstraktua da guztiontzat. Bost urtean behin bozkatu eta gure ordezkariak izendatzeko ariketa horretatik haratago, edo noizean behin handik eta hemendik heltzen zaizkigun neurri edo akordioetatik haratago, ezjakinak gara. Ez dakigu; ez dugu ikusten non hasi eta amaitzen diren bere konpetentziak, eta zoritxarrez gure eguneroko bizitzan eraginik ez duela sinistera ere iritsi gara.
Horregatik, erronka berri honi ekin genionean, Euskal Herrian, txikia bada ere, izan baden Europar Batasunaren aurkako masa kritikoa elikatu eta zabaltzea izan zen lehen urratsa. Eta egia da, akaso, ez garela oso originalak izan, baina bide bat egin dugu. Europar Batasunaren inguruko irakurketa mardul bat jarri genuen mahai gainean, izenburu argi eta probokatzaile batekin; “Europar Batasuna, ez zaitugu nahi, ez zaitugu behar”. Aspaldiko irakurketa bat jarri genuen mahai gainean, eta Euskal Herriko eragile ezberdinekin konpartitu dugu, hitzaldiak eman ditugu, ekimen txikiak egin han hemen… eta bereziki, Europako herri nahiz sektore zapalduekin harremanak estutu eta elkarrengandik ikasteko asmoz, brigada berriak antolatu ditugu. Parisen izan gara, Grezian, Italian, Herrialde Katalanetan, Bretainian… Euskal Herriko errealitatea eta irakaspenak eraman ditugu, eta motxila esperientziaz beteta ekarri dugu.
Baina Berriozarren aurreratu bezala, ez da nahikoa Europar Batasunaren inguruko jarrera kritiko bat elikatzea. Ez da aski Europar Batasuna salatzea edo suntsitzeko apustua egitea. Harago joan behar dugu. Zer nolako Europan bizi nahi dugun pentsatzea ere badagokigu, eta zer nolako harremanak garatuko ditugun eztabaidatzen hasi beharko gara, bai maila instituzional, ekonomiko zein herritarrean.
Teorietatik praktika eraginkorrera salto egiteko, ezkerretik iparra aurkitu eta bidea egiten hasi behar dugu. Horregatik, eztabaidari ekin eta hainbat galderari erantzuna topatzeko betebeharra dugu: nola egin aurre Europar Batasunaren eta Troikaren ofentsiba neoliberalari? Eskuin muturraren gorakadaren aurrean, nola eraiki langile klasearen kontzientzia kolektiboa? Zeintzuk izan behar dira, gaurdanik Europako herri eta langileon artean aktibatzen ditugun borroka frenteak? Zeintzuk dira burujabetza eskuratzeko oinarrizko zutabeak? Nola jarri bizitza erdigunean? Zein espazio, instituzio edo tresna sortu behar ditugu?
Galdera guzti horiei erantzunak topatzeko edo galdera berriak sortzeko helburuarekin antolatu ditugu jardunaldi hauek. Aktualitateko gaiak jarri ditugu mahai gainean, urgentziazko erronkak, gure ezintasunak, eta indarguneak. Eta bai, galdera gehiagorekin goaz etxera, baina ondorio eta analisirako gako batzuk ere eskuratu ditugu. Hona hemen, mahaiez mahai landu denaren errepaso labur bat:
Europar Batasuna: aukerak eta mehatxuak
Alderdi politikoekin egindako mahai inguruan argi geratu zen Europar Batasuna ez dela izango ipar demokratiko bat herri eta langileria zapalduarentzat. Gero eta kontzienteago bagara ere justizia eta bizitza ona ezinezkoa izango dela Europar Batasunaren baitan, estrukturekiko oposizioa oso txikia da.
Memoria ariketa bat egin genuen, EB zertarako sortu zen eta nola. Eta beraz, sistemaren tresna bat den heinean, barrutik edo kanpotik baino, sistema bera nola konbatitu behar dugun hausnarketari heldu genion. Bide horretan, alternatibak, behetik gora eraiki behar direla ikusi genuen. Lokaletik, auzotik, udaletatik.
Parte hartzearen beharraz aritu ginen, klabe produktibistetan baino, parte hartze erradikalaz. Denbora eta harreman ereduak irauliz. Munizipalismoaz ere aritu ginen, mugimenduaren eta instituzio lokalen arteko konbinazioaz. Eta noski, desobedientzia eta konfrontazio jarrera eta ekintzen beharraz.
Nazioartean, norbere erritmoak errespetatuz, agenda komun bat eraikitzearen beharra ere ikusi genuen. Zertarako? Autoritarismoari aurre egiteko, errefuxiatuen auziari erantzuteko, baina bereziki, eta modu urgentean, errezesio ekonomikoari aurre egiteko neurriak hartzeko. Langile klasearen beharrak erdigunean jarriko diren erabakiak hartzeko.
Aliantzak garatzea ere ezinbestekoa dela ikusi genuen, bereziki periferian aurkitzen garen herrion artean; baina ahaztu gabe, inperioaren bihotzean langile klase bat izan badela eta hauek ere gure aliatuak direla.
Azkenik, eskuin muturraren gorakadaren aurrean, ideia interesgarri bat ere atera genuen. Langile klaseak eskuinaren eskutik datorren Europar Batasunaren apurketa bere egiten badu, jarrera kritiko hori izan badela erakusten digu. Beraz, ezkerreko alderdi eta orokorrean mugimenduoi, oinarri hauen gainean, zapalduen behar eta emozioekin bat eginda, bestelako alternatiba eta neurriak sozializatzea dagokigu. Jakitun, epe motzean ekar ditzaketen ondorioak, ezin direla inolaz ere aitzakia izan alternatiben bidean EZ mugitzeko.
Faxismoaren gorakadari ezkerretik aurre eginez
Ostiraleko bigarren mahai-inguruan faxismoaz hausnartu genuen eta hainbat ondorio atera genituen. Batetik, kapitalismoa eta faxismoa eskutik helduta doazela adierazi genuen. Kapitalismoak zapalkuntza harreman bortitzak garatzen ditu egituraz, eta bortizkeria maila hori klase gatazkaren arabera garatzen da. Hau da, krisi garaietan burgesiak bere boterea ordura arteko modu berean bermatzeko zailtasun eta oztopoak aurkitzen ditu eta hor, zailtasun hauen aurrean, agertzen zaigu sistemaren aurpegirik gordinena.
Bestetik, Europar Batasunaren izaera burges eta faxistaz aritu ginen. Europar Batasuna, ezin dugu sekula ahaztu, burgesiaren interesak defendatzeko proiektu bat da. Ez dauka ezer giza eta herrion eskubideen aldeko defendatzailetik, are gehiago, ez du inolako erreparorik faxismoa erabiltzeko bai bere mugen baitan, baita bere mugetatik harago ere. Eta ez zaizkigu falta adibideak: Italian eta Euskal Herrian sortu izan diren talde paramilitarrak: Gladio Operazioa, GAL…; migrazio politika kriminalak; edota Ukrainiako faxismoaren sustapena eta zuritzea, beste askoren artean.
Eta behin Espainiar Estatua aipatuta, hor ditugu oraindik Frankismotik datozen egiturak ere: Audientzia Nazionala, monarkia… Espainiar estatua ez da bateragarria herrion eskubideekin. Nazio eta klase zapalkuntza Espainiar Estatuaren izaeraren baitan daude.
Beraz, nola egingo diogu aurre faxismoari ezkerretik? Hasteko, borroka ideologikoa eta komunikatiboa dira funtsa; eta noski, formazioa. Beharrezko ditugu faxismoaren normalizazioaren kontra borrokatzeko. Antifaxismo antikapitalista eta militantea garatu behar dugu; ezin da amaitu faxismoarekin sistema hau bidezko sistema izango balitz bezala aurkezten badugu. Antifaxismoa borroka maila guztietan agertu behar da; eremu ideologikotik kaleko borrokara. Langile klasea berrosatu behar da, klase izaera sendotuz eta borroka internazionalista bultzatuz.
Migrazioa Europar Batasun barne zein kanpotik: kausa eta proposamenak
Larunbateko lehen mahaian migrazioari buruz hitz egin dugu luze eta zabañ. Kapitalismoak lan indarra behar du biziraun ahal izateko, eta bere garatze horretan ingurumena erasotu eta beste kontinenteetako natur baliabideak ebasten ditu. Honek gerrak, baliabideen agortzea, pobrezia, etab. ekartzen ditu lurralde horietara; eta errealitate horretatik ihesi, itxurazko ongizatearen produktua erosiz, Afrika zein Latinoamerikako lagunak Europar Batasunera etortzen dira.
Kapitalismoak arraza edo kualifikazio kurrikularra bezalako kategoriak eraikitzen ditu langile klasearen arteko banaketa eta mailaketa sortzeko. Modu honetan, etorkin gisa izendatutako langileak ditugu denon oinarrizko beharrak asetzen, kapitalismoak ezinbesteko duen lan indarra erreproduzitu ahal izateko.
Era berean, Europar Batasunaren baitako klase burgesen arteko talkak Europa hegoaldeko herrialdeen pobretzea dakar, eta ongizate estatua desagertzen doa. Hala, bertako langileek iparraldeko herrialdeetara alde egiten dute, aurrez aipatutako egoera behin eta berriro errepikatuz.
Hau guztia egikaritu ahal izateko beldurra da tresna nagusia, eta arrazismo instituzionalean du isla, noski, jendartean orohar dauden mikroarrazismoak baztertu gabe; hauek guztiek ahalbidetzen dute langile klasearen prekarizazioa, ezarritako legearen mugetatik kanpo dauden horiek guztien bizkarren gainean garatua.
Horregatik baiezta dezakegu Europar Batasunean mugak kapitalismoaren menera daudela, eta bere interesen arabera ezarri edo kentzen zaizkiela langile klasea osatzen duten lagunei, kanpoko zein bertakoei.
Herrien integrazioa inperialismoaren aurrean
Eta zer atera dugu herrion integrazioaren mahaitik? Zalantzarik gabe, herriok balio amankomunak ditugu: gizon eta emakumeon arteko parekidetasun erreala, esplotazio eta harreman kapitalisten amaiera, kolonialismo eta inperialismoaren amaiera, etab. Baina, gaur egun dauden integrazio edo koordinazio espazioek (ONU, Nazioarteko Diru Funtsa, Munduko Bankua, Europar Batasuna, Mercosur…) ez dute inolako asmorik benetako bakea bermatzeko, eta zilegitasun osoa dute gure bizitzen gaineko erabakiak hartzeko eta esplotazioan nahiz errepresioan sakontzeko.
Horren aurrean, ezinbestekoa eta urgentziazkoa da nazioarteko artikulazioak eta integrazioak sortzea maila guztietan, mugimendu iraultzailearen oinarri izango diren harremanak eta aliantzak sortzeko. Horretarako, Konfederalismo Demokratikoari eta Asamblea Internacional de los Pueblos artikulazioari buruz hitz egin dugu, eta mahai gainean jarri ditugu formakuntza politikorako eskolak sortzeko beharra eta komunikabide alternatiboak eraikitzearen garrantzia, besteak beste.
Herrien burujabetzarako proposamenak EBren alternatiba gisa
Jardunaldiei amaiera eman dien mahaiak ere eduki mordoa utzi digu.
Estatuak kapitalari eman dio bere erabakitzeko ahalmena. Baina ohartu behar gara ahalmen hori, gure erabaki ahalmena dela. Herrion erabaki ahalmena. Herritarrona. Eta estatuak bere erabakitzeko ahalmena kapitalaren esku uzteak, botere ekonomikoaren boteretze handigo bat dakar, zoritxarrez.
Bestetik, prekarizazio prozesua dominazio sistema bat dela ere ulertu behar dugu. Bizitzako baldintza materialak okertzeaz gain, eduki dezakegun erabakitzeko ahalmen murritza ere zapaltzen duelako.
Beraz, burujabetzaz hitz egiten dugunean, erabakiak hartzeaz ere ari gara; enpoderatzeaz; erabakiak hartu eta hauek gauzatzeaz. Eta bereziki, gutako bakoitzak kolektiboki lokalean egin dezakegunaz. Honek, kapitalak ezarritako joko arauak aldatzen ditu; gidoi berriak eraiki eta galeran dena berreskuratzea izan daiteke.
Argi-itzalen etapan munstroak hazten direnean, berriz ere aliantzen garrantzia azpimarratzea dagokigu. Bizirik dauden mugimenduen arteko aliantzak. Bakoitzaren bidea errespetatuz aldarri komunak identifikatu eta borrokatzea da dagokiguna.
Aipatutako ondorio eta gako hauek dira hain zuzen ere bidean aurrera egiten lagunduko digutenak.
Horretarako, funtsezkoa dugu formakuntza eta sozializazio lanarekin jarraitzea. Gaur atzo baino hobeto ulertzen dugu Europar Batasuna, eta honek lagundu behar digu gure egunerokoa baldintzatzen duten Europar Batasunaren politikak identifikatu, irmoki salatu eta bide berriak eraikitzen.
Esan dugu, erantzunak baino galdera gehiago ditugu orain. Beraz, lanean jarraitzea dagokigu, eta hitzetatik haratago praktikak ere martxan jartzea. Eta ez Askapenari bakarrik. Guk lanean jarraituko dugu, eta bidean elkartuko gara. Emakumeok, migranteok, ikasleok, elikadura burujabetzaren alde diardugunok, nekazariok, langile borrokan gabiltzanok… guztiok interpelatzen gaitu Europar Batasunak; zuzen zuzenean eragiten digu. Jardunaldi hauetan oinarri batzuk jarri ditugu, eta oinarri horietatik abia gaitezen gure eguneroko borroketan, klabe ofentsiboan, herrion Europa bat eraikitzera, herrion mundu bat eraikitzera.
Gora Euskal Herria askatuta!
Gora borroka internazionalista!